Irratigintza etxetik
'podcasting'-a. 'Teketen' irratsaioa egiten du Gorka Juliok etxetik, eta Interneten jartzen du, bere blogean; euskaraz aitzindaria da
URTZI URKIZU - ANDOAIN
Iraultza iritsi da irratigintzaren mundura. Iraultza, emisora eta antenarik gabeko irratia den heinean. Podcast izena du iraultza horrek. Baina zer da delako podcast hori? Internetetik jario baten bitartez zabaltzen den audio artxiboa. Hau da, etxetik irratia egiteko aukera ematen duen teknologia. Irrati konbentzional batetik kanpo egiten den euskarazko lehenengo saioa Teketen da, Gorka Julio gazteak Andoaingo bere etxetik egiten duena. Katalanez lau daude, eta galizieraz bakarra.
AEBetan 2003. urtean hasi ziren halako i-rratsaioak egiten, eta milaka sortu dira denbora gutxian. «Euskaraz soilik Irratia.com zegoela ikusi nuen, eta Bilbo Hiria irratiko saioa webgunean jartzen zutela. Orduan podcasting-a euskaraz egitea bururatu zitzaidan. Prozesu naturala izan da niretzat bloga egitetik sareko i-rratsaioa egitera», dio Juliok. Edonork egin dezakeen zerbait dela uste du informatikari eta esatariak, eta jendea halakoak egitera animatu nahi du. «Norbait saio bat egitera ausartzen bada, prest nago laguntzeko». Etxetik i-rratsaio bat egiteko oso gauza gutxi behar dira: ordenagailu arrunt bat, soinu txartela, grabatzeko edozein programa (adibidez, PodProducer) eta mikrofono bat. Zer i-rratsaio egin nahi den erabaki ondoren, grabatu, fitxategia zerbitzarira igo eta RSS testu fitxategi bat editatu behar da MP3 fitxategia non gordetzen den zehazteko. Interneteko erabiltzaileak harpidetu egin daitezke i-rratsaioak entzuteko, edo, bestela, blogetik zuzenean entzun edo jaitsi.Harpidetza egiteko ez da dirurik ordaindu behar, baina jario irakurgailua izeneko tresna erabili behar da. Podcasting-era zuzendutako iPodder programa informatikoa da erosoena, eta euskarara itzuli du Juliok.
Teknologia berriak aztergai 'Teketen' irratsaioan
Juliok badu esperientzia irratigintzan, Donostiako Ttan Ttakun irrati librean irratsaio bat egin baitu. Informatika ikasketak amaitzen ari da, eta Teketen saioan teknologia berriak, Internet eta jendartea dira eduki nagusiak. «Jendartea diodanean, nabarmendu nahi dut ordenagailuaren atzean gaudenean batzuetan ez garela konturatzen beste aldean pertsonak daudela. Niretzat, informatika tresna bat da, eta ez helburu bat bera bakarrik». Saioa Arrakala irratian ere emititzen dute, eta aurki beste irratiren batean entzun ahal izango da.
Musika librea jartzen du Juliok saioan, Internetetik jaitsitakoa. «Merkatuko diskoak erabiliz gero, SGAE atzetik etor daiteke». Teketen euskarari bultzada ematen ere ahalegintzen da, agertzen diren euskarazko informatika programa berriak komentatuz. Software librea euskaratzeko aukeren inguruan ere mintzatzen da programa. Egiteko moduaz gain, podcasting-ak dakarren beste iraultza saioa edozein unetan entzun ahal izatea da. Artxiboa MP3 irakurgailura eramatean, halako saioak edonon entzun daitezke.
Interneteko helbideak
|