Paradoxa dirudien arren, informazio ugaritasunak desinformazioa eragin dezake. Izan ere, urak gure lurrak bustitzeko balio du, baina urari bere bide naturala itxi eta irtenbidea aurkitzen ez bazaio, ur asko erortzerakoan uholdea sor daiteke. Antzeko zerbait gertatzen da interneten: informazio asko dago, baina ordena gutxi. Hain zuzen, informazio kantitate handia era errazean bideratzeko sortu dira "jarioak".
Zerrrrr?
Ingelesezko hitza "feed" da, baina ez da hitz bakarra: RSS feed, RSS stream, edo RSS channel ere erabiltzen baitira. Guk "jarioa" esango diogu. XML formatuko laburpen moduko fitxategiak dira jarioak, eta asko aldatzen diren webguneek eskaintzen dizkigute horrelakoak. Jarioari esker, laburtuta eta batere apaingarririk gabe jaso ahal izango ditugu berriak, irudiak, soinuak... eta abar.
Zertan laguntzen du?
"Jarioei" esker, egunero aldaketa handiak izaten dituzten webguneetako informazio berria irakurri ahal dugu, baina web orrialde horietan sartu beharrik izan gabe. Berri hauek irakurri ahal izateko "jario gehigarriak" behar dira. "Gehigarria" gure ordenagailuan instalatu beharreko programa arrunt bat izan daiteke, adibidez, FeedReader (http://sourceforge.net/projects/feedreader/), RSS Bandit(http://sourceforge.net/projects/rssbandit/) , Abilon (http://www.abilon.org/) eta abar.
Horrez gain, "jario gehigarria" web aplikazio bat ere izan daiteke, bertan, bakoitzak, gogoko dituen jarioak sartu ahal izateko. Hain zuzen, euskaraz "Aurki" izeneko tresna berri bat daukagu horretarako, (http://www.aurki.com) Bertan, euskarazko jario asko aurkitu ahal izango dituzue. Atalka ordenatuta ageri diren albiste guztiak beste orrialde batzuetako jarioak dira, eta modu automatikoan eguneratzen dira. Gainera, "Nire jarioak" dioen botoitxoa klikatuz gero, guk ere geurea sortu ahal izango dugu Hain zuzen, hauexek dira ospetsuenak: Bloglines (http://www.bloglines.com), Feedster (http://www.feedster.com), Plazoo (http://www.plazoo.com). Feedmania eta abar.
Jarioa, bai ala ez?
Nola jakin dezakegu gure webgune gogokoenek jariorik ba ote duten? Jarioa izanez gero, webguneak horrelako botoiren bat izango du: Botoi hauek klikatzen badituzu, testu arraro bat agertuko zaizu begi aurrean: hori da jarioa! Hala ere, testu hori ulertzeko, zuen "jario gehigarria" sartu beharko duzue. Beraz, helbidea kopiatu ondoren eta zuen "gehigarrian" sartu ondoren... zas! Zuen webgune gogokoenaren berriak izango dituzue muturraren aurrean! Bestalde, beste abantaila bat ere badu kontu honek: izan ere, berriak modu automatikoan eguneratzen dira, aukeratutako webgunean eguneratu ahala. Beraz, aukera itzazu egunero bisitatu ohi dituzun webguneak, eta eman izena berauen jarioetan: hori eginez gero, nahikoa izango duzu zure "jario gehigarria" irekitzea, webgune horietan sartu gabe informazio guztia eskura izateko.
Webgune Interesgarriak
- http://www.zientzia.net Helbide honetan, Elhuyar Zientzia eta Teknika aldizkariaren zenbaki guztiak kontsultagai daude.
- http://eu.wikipedia.org/wiki/Azala Entziklopedia askea da Wikipedia. Edonork zuk, adibidez artikuluak idatz ditzake izenik eman gabe eta batere kosturik gabe. Wikipedia entziklopediaren edukia dohainik da, eta dohainik izaten jarraituko du. Anima zaitezte, eta idatzi testuren bat!
Treba zaitez
Firefox nabigatzailea Internet Explorer baino askoz ere seguruagoa, ulergarriagoa eta erabilgarriagoa da. Hori gutxi balitz, orain euskara ofiziala da bertan (http://www.librezale.org/mozilla/)
|